elkar sariak

2016-04-21-ELKAR SARIAK

elkar Fundazioaren helburu nagusia euskal kultura sustatzea da.

Testuinguru horretan aurkeztu genuen 2015eko irailean Joseba Jaka bekaren bigarren aldia. Beka horren bidez kultur sorkuntza sustatzea da helburua eta. Sortzaile bati, bere lana egiten laguntzeko beka da, bi urtetik behin deituko dena. Aurten nobela edo ipuin bilduma bat laguntzeko aukera zabaldu du, eta deialdi bakoitzean definituko da zein disziplinatako lana laguntzeko izango den, asmoa literatura ez ezik beste lan arlo batzuetara ere zabaltzea baita. Beka 10.000 eurokoa izango da. Aurtengo deialdira 35 lan aurkeztu dira eta epaimahaia horiek aztertzen ari da.

Ezaguna da elkar-en euskal kultur industriaren aldeko apustua. Bekaren bidez industria horren oinarrian dagoen sortzailea lagundu nahi den bezala, ahalegin bat egin nahi da bete eremu batzuen garapenean ere laguntzeko, eta horri begira Proiektuari elkar saria sortzea erabaki da:

Proiektuari elkar saria. Beka emango ez den urteetan, kultur proiektuak laguntzeko asmoz sortuko den saria da. Bi urtez behin emango da, beraz. Euskal kulturgintzarako interesgarria den ekimen bat abiatzeko edo indartzeko emango litzateke 10.000 euroko laguntza. Izan liteke proiektu bat martxan jartzea, ikerketa bat egitea edota beste edozer, baina kasu honetan ez sormen lan bat. elkar Fundazioak berak erabakiko du, euskal kultur munduan ikusten dituen mugimenduen baitan, sari hori nork merezi duen.

Azkenik, egindako lana eta ekarpena ezagutu eta aitortzeko helburua izango duen beste sari bat ematea ere erabaki dugu, Ibilbideari elkar saria.

Ibilbideari elkar saria. Sari hau urterokoa izango da, eta urte luzeetan egindako lana saritzea, ezagutzea, izango du helburu. Saria emateko orduan norbanakoen aurretik, talde lanean egindako ekimenak lehenetsiko dira. Kasu honetan ez da dirurik emango, artegile batek egindako ikur bat baizik.

2016ko Ibilbideari elkar saria, lehen aldiz emango dena, Gerediaga elkarteari ematea erabaki da, 50 urtez Durangoko Azoka antolatuaz egindako lanagatik.

» Garai zailetan ere, dena kontra denean, indarrak bilduz gero eta ideiak argi izanez gero, talde lanari esker, ekimen berriak bidera daitezkeela erakutsi zuten.

» Euskal kulturgintzari eta batez ere liburu eta diskoari urte osoan ez duen ikusgarritasuna ematea lortu dute, ez bakarrik Durangon, Azoka egiten den lekuan, baita Euskal Herri osoan ere, lortu duen zabalkundeagatik.

Ibilbide saridunari urtero emango zaion artelanaren egilea Gotzon Huegun eskulturagile lasartearra da. Egurrez egindako eskultura da.

Ez da kasualitatea aurten abiatzea egitasmo honekin. Aurten bi urteurren esanguratsu ere badira: Joseba Jaka hil zela 20 urte beteko dira eta 40 urte Bilintx liburu-denda ireki eta Zabaltzen banaketa eratu zela.

Saria eta beka emateko, ekitaldi soziala antolatuko da urtero elkar-entzat seinalatuak diren bi egunen bueltan; batetik, apirilaren 16an, Joseba Jaka hil zeneko eguna gogoratzen dugu, eta bestetik, apirilaren 23an, Liburuaren Eguna ospatzen da. Aurtengo ekitaldia apirilaren 21ean izango da, Martin Ugalde kultur parkean, arratsaldeko 19:00ean.

HARREMANETARAKO: Joanmari Larrarte

jmlarrarte@elkar.eus | 635 707039

 

elkar argitaletxea Ttarttalo Oihuka Sua argitaletxea Txertoa elkar banaketa elkar